XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Turkiatik Myanmar bitarteko liburu bidaia

Txalaparta argitaletxeko harpidedun batek luzatu omen zuen proposamena. Nonbait jakin zuen eta bi emakume euskaldunek Asian zehar egindako bidaiaren ingurukoa, eta hemendik liburu aski polita sor zitekeelako iritzia zuen zinez. Argitaletxeko arduradun Pernando Barrenak antzeko hitzetan gogoratu zituen orain karrikaratu duten idazkiaren aitzin zirrikadak, izan ere, bizikletaren gurpilaren arrastoak orain idatzizko hitz bihurtu baitituzte. Zentzu honetan, izkribuaren bereizitasunak lau zutabetan xutu zituen Barrenak: txirringaz egindako bidai baten liburu kronika da, hamabi hilabetetakoa, lurralde franko ezberdinetan jarduna eta bi emakume bere protagonista direla, eta honenbertzez, haien ikuspegi bereziaz.

Modu bizian

Izkribatzaile egokitu diren bi txirrindularien irudian, urte betez bizi eta ikasitakoaren berri modu erakargarri eta bizian azaltzea izandu da helburuetariko bat liburua idazteko orduan. Hortaz, aditu eta ikasitakoak elkarrizketa bidez ezagututako pertsonen ahotan jarri ditugu, Estherrek argitu zuenez. Gainera, liburuarekin tokian tokiko egoera sozio-ekonomiko-politikoa ezagutzearren datu obejtiboak agertzen dituzte orrien hegaldian, lurraldeen zeharkaldiaren kontakizunaz landara hauen errealitatea ezagutzeko aukera ere eskeiniaz. Maite Landatxeren marrazkiaz ere lagunduta dator liburua bere bizitasuna zurrunbilduz.

Turkia, Kurdistan, Iran, Belutxistan, Pakistan, Hunza, Batistan Punjab, India, Nepal, Tibet, Txina eta Myanmar. Hamairu herrialde hauek txirrindulaz urratu izanaren arrazoiak Amaiak agertu zituen liburuaren aurkezpenean. Bere irudikotz bizikletak herrialde bat ezagutzeko erritmo egokiena eskaintzen du, isila izanik, kutsatu gabe, ia arrastorik utzi gabe. Herritarrekin harreman zuzena izateko parada eskaintzen du eta edonora eraman gaitzake.

Bizitutakoaren inguruan, txirrindulariek hirugarren munduko herri hauek irri-penen partaide izatearen islada izan nahi duela liburuak argitu zuten, pobrezia, bizi baldintza kaskarrak, haurren esplotazioa, emakumearen zapalkuntzarena.... Bide honetan, eta biak emakumezkoak diren moduan, kultura, herri eta erlijio bakoitzean tokian tokiko emakumearen egoera azaldu gura izan dutela erran zuten, emakume zapaldu izateak dakarren identifikazio konplizitatea islatuz.

Turismoak ernatu dituen eraginak ere solasgai dituzte Txirringaren aienean goiburukoa duen liburuan, hots, dolar menpeko bixitaldiek dakarten guttiespen sentimendua, menpekotasunezko harremanak, inguruaren suntsiketa, akulturizazioa eta homogeneizazioa.

TXIRRINDULARIAK Idazleak izkribuaren agerraldian.

Txalapartaren eskutik, Amaia Elosegik eta Esther Mugertza liburu batetan josi dute urte batez Asian barrena txirrindulaz egindako bidai baten kronika

Bizikletak herrialde bat ezagutzeko erritmo egokia eskeintzen du, isila delako, kutsatzen ez duelako, herritarrekin harreman zuzena izateko parada eskaintzen duelako

Emakumearen ikuspegia nabarmendu eta sakondu dugu, gu emakumeak garelako, hurbil sentitu dugulako euren egoera, identifikazioz eta konplizidadeaz

Pasatu ditugun herrialdeetako pertsonek irakatsi diguten adina zuei irakastea da gure helburua